| Txillardegi
Idazlea.
Nondik nora nik Jokin Leniz arkitekto-artistaren
aurkezpena egingo ?
Oso harrigarria da, bai. Ez bainaiz ni inor artearen alorrean ezer
esateko. Eta inkurtsio bitxi honetaz lerro labur batzuk bederen
esatea beharrezko iruditu zait.
Bilbotarra jatorriz ( 1943 ) , Venezuelan urte
luzetan egondakoa, euskara oraingoz osotara ez menderaturik amorratuta
bizi den euskaltzalea (beste bat! ), artista langile saiatu bat
topatu nuen.
Berehalatik bere obra osoaren bilduma eder bat eskaini zidan kartoi
finezko orri ederretara bildua. Lan gaitza, kontuz, begirunez, poliki-poliki
mamitua.
Ez ditu Jokinek bihotz osoaz Gipuzkoako itsasargien multzoa bakarrik
landu. Ez. Lumaxkaren teknikaz ezin hobeki baliaturik, Donostia
osoa dastatzeko aukera eman digu hamaika marrazkitan : kaia, Bulebarra
( gaurko bere horretan ), San Bartolome muino eta komentu famatua,
Udaletxea ,Konstituzio enparantza
Askotan oso ikusmolde originaletatik begiraturik berrikusten ditugu
hor ohiko geure inguruak . San Bizente elizatik aurkezten digun
San Telmoren etxaurrea, adibidez, oso ederki hautatua izan da .Venezuelako
obra ez dut ongi ezagutzen. Baina Euskal Herriko lanak , Donostiatik
at mamitutakoak barne, badu Jokinen bilduman marrazki ederrik .
Dena beti bero eta maitagunez oraturik, hor ditugu Leintz-ko Gatzaga
( atabismoak eraginik ote aukeratua ? ), Orexa-ko txokoak behin
eta berriz, Nafarroako Eunateko elizatxo zortzikun bikaina ....
Eta abar luze bat.
Jokin Lenizek , hitz batez, lekuko fin eta zehatz, benetako altxor
bat utzi digu gaurko eta biharko euskaldunoi .
Eta denon esker ona merezi du .
|